gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Viernes, 29 de marzo de 2024
Aresti
GIPUZKOAKULTURA.NET > GUíAS DE LECTURA > GABRIEL ARESTI, TODAVÍA
GABRIEL ARESTI, CONTADOR DE CUENTOS

Ibon Sarasola 
 
Euskal irakurle askorentzat, Gabriel Aresti poema liburu batzuen eta hainbat artikulu polemikoren egile izan zen. Ez da hori harritzeko gauza, Harri eta Herri argitaratuz geroko urteetan poesia eta artikulugintza izan baitziren bilbotar idazleak landu zituen literatur alor ia bakarrak. Dena dela, zabalagoa eta aberatsagoa agertzen zaigu Arestiren literaturgintza bere osotasunean hartzen badugu.

Lehen lanak -1954az gero eta Miranderen eraginpean- poesiaren esparruan ondu bazituen ere, hurrengo urteetan ipuingintza, antzertia eta are eleberria ere landu zituen. Hain zuzen 1958tik 1963ra doazen urteak osatzen dute, beharbada, Arestiren jardunaren eperik jori eta interesgarriena. Tarte horretan taxutzen du Maldan behera miragarria, bere poemagintzaren gailurra, literaturatasunaren aldetik behintzat. Halaber Mugaldeko herrian eginikako tobera, 1961ean Toribio Alzaga Teatro saria irabazi zuena, eta honi jarraitu zitzaizkion gainerako antzerkiak.

Arestiren ipuingintza osoa 1957 eta 1962 urteak mugatzen duten epean argitaratzen da, eta liburu honetara biltzen ditugun sei ipuinak osatzen dute. Ipuinok, bestalde, Arestik literatura-prosaren alorrean mamitu zuen lanaren erakusgarri bakarrak gertatzen dira. Hauetatik at Mundu munduan, berez teatro-lana izanik 1965 urtean eleberri itxuraz argitaratu zuena, besterik ez da gelditzen.

Ikusten denez, Arestiren ipuinak bere bizitzako epe kreatzaileeneko fruitu dira, oraindik 30 urte bete ez zituela burutuak eta argitaratuak. Eta aski da gaingiroki egindako irakurketa bat ipuinok beren artean halako batasun bat dutela edo, beste hitz batzuez esateko, ziklo antzeko zerbait osatzen dutela ohartzeko. Are gehiago, izenburu azpiek berek erakusten dutenez, badirudi egileak berak ere ziklo baten osatzailetzat bururatu zituela: lehena, “gabonetako ipuin tristea” da, bigarrena "denporatik ateratzen den pobretxuaren ipui barregarria”, hirugarrena “gizarteari edukitzen zaion amorioaren ipui garratza”, laugarrena "gizon-andre arteko amorioaren gaineko ipui lotsagarria”, bostgarrena “gizonaren izaerazko ipui zaharra” eta azkena “gizonaren bihotzeko bide bihurriak nolakoak diren aditzera ematen duen ipui itsusia". Ikusten denez, beren arteko lotura adierazteko, egitura bereko perpaus bana ezartzen die Arestik sei ipuinei azpi-izenburu bezala(1).

Kontatzen denari buruz, Arestiren ipuinen ezaugarri nabari bat hau da: ipuinean gertatzen dena, errusiar formalisten hizkerako fabula alegia, bitxia bada ere, aski bakuna eta sinplea da, hitz gutxiko esaldi batez aditzera eman daitekeena. Honela, adibidez, laugarren ipuinarena -eta irakur bitez ondoko hitzak delako ipuina irakurri ondoren-: “andre zahar aberats batek toreadore gizonzale bat hartzen du maitaletzat, ondasun guztiak lapurtu eta ihes egingo diona".

Baina Txejov-ez gerozko ipuinlari trebeekin gertatu ohi den bezala, anekdota bakun hori emateko moduan, hots, formalisten hizkerako sjuzet delakoan, datza Arestiren ipuingintzaren alderik interesgarriena. Bide desberdinak erabiltzen ditu kontakizuna emateko: lehen eta bostgarren ipuinetan aurretrama batez baliaturik ipuinaren barnean kontatzen da ipuina; laugarrenean Alfontso lagunari kontatzen zaio; gainerakoak zuzenean ematen dira aditzera. Baina horren gainetik kontaketan bertan agertzen du Arestik maisutasuna, anekdotaren elementuak kontakizunaren hildoan eraikuntzaren sena azpimarragarriz antolatzen dituen eran, hain zuzen. Ez da falta Arestigan hitz-joko gatzduna, ez ateraldi barregarria edo baliabide tekniko egokia, baina beti kontaketaren eraginkortasunaren zerbitzuan. Berdin gertatzen da “Olerkaria” ipuina hezurmamitzen duen “kontabilitate estiloarekin”, kontatzeko moduari buruz erabakigarria gertatzen dena.

Erabiltzen diren gaien kontua alde batera utzirik, idazkera aipatu gabe ez nituzke lerro hauek bukatu nahi. Izan ere idazkera da, behar bada, Arestik euskal literaturara ekarri duen eraberritzearen alderik garrantzitsuena, batez ere etorkizunari begira. Gaurko irakurleari nahikoa ohikoa gertatuko zaio, agian, ondoko ipuinen prosa. Baina aski duke esaten dudanaz jabetzeko honako pasartearekin aldaratzea:

Joanes'i berriz laztu egin zitzazkion illeak: eta itza aal zuen eta geiena goratuz, esan omen zien: “Ez bedi iñor jets orrera. Urtziak madarikatutako ugartea duzute ori. Goazen emendik ariñiketan. Emendik bereala ez ba goaz, gureak egin du. Goazen aguro. Leen baño okerrago gaude orain!!!".
Txoratuta omen zirudien Joanes'ek. Bera, beti ausart izan zena otzikarak artuta omen zegoen. Baña,”zer dela-ta? ", galdetzen omen zioten mariñelak alkarri.
Begia borobil, tinko, igige, josirik. Ura ikara! Zer ote?


Lerro hauek, 1957ko Egan  batetik, Arestiren lehen ipuinaren aurre-arrean datorren Orangutaren ugartea ipuinetik hartuak dira. Egilea ez da urte haietan euskal literaturan nagusi agertzen ziren zahartzale aspergarri haietako bat, berrizale gazte eta bihurrienetako bat baizik, ordurako bere lehen eleberria -Leturiaren egunkari izkutua eztabaidatu hura- kaleratua zuen Txillardegi hain zuzen. Eta halere ezin "klasikoagoa" (Domingo Agirre klasikoa den zentzuan; Orixe beste gauza bat da alde honetatik) agertzen zen Txillardegi idazkeraren aldetík. Izan ere, gaien eraberritzea formen eraberritzea baino nekezagoa eta egitekotsuagoa gertatzen da beti. Gaur egun inork ez du Arestiren ipuin hauek irakurtzean zaharkituaren kutsua adituko. Horrek adierazten du beste ezerk baino hobeki ez zuela Arestik kolpea huts egin euskal idazkera zaharberritu bat eraikitzeko asmoan.




1) Delako egitura, Patxi Goenagak Gramatika bideetan-en erabiltzen duen terminologiaz baliatuz hau da: izenlagun + izen + adjetibo. Bestalde, sei kasuetan izena ipuin da.

Gora

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net