gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 22, ostirala
Aresti
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > GABRIEL ARESTI, GAUR ERE
GABRIEL ARESTIREN AURKEZPENA

Gabriel Aresti (1933 – 1975) Bilbon jaio eta bizi izan zen. Literatura gizonak euskal poesia eraberritu eta gaurkotu zuen. Haren liburuek, Harri eta herri (1964), Euskal harria (1968), eta Harrizko herri hau (1971) errealismo sozialaren bidetik eraman zuten euskal poesia, irudi-mundu berria sortu arte. Poesiaren alorrean ezagunagoa bada ere beste genero batzuk landu zituen: antzerkia, batez ere, ipuina eta nobela falta ez badira ere bere produkzioan. Itzulpen asko utzi zituen bere lanen artean, eta gurearen antzeko hizkuntza minorizatuetako idazleen itzulpenez gain, poesia modernoaren maisuen lanak euskaraz eman zituen: García Lorcarenak edo T. S. Eliotenak adibidez. 

Literatura mundua aldatzeko gai zela ustez idatzi zuen Gabriel Arestik eta bere lanak garrantzi handia hartu zuen, poesiaren eta antzerkiaren bidez bere ideiak gizarteratu zituelarik frankismoaren aurka eta frankismoak eraikitako gizarte moldeen aurka. 

Literaturaren mugetatik kanpo euskal kulturan zeregin handia bete zuen: euskara batuaren bultzatzaile sutsua izan genuen Arantzazuko Biltzarran parte esanguratsua hartu zuelarik; Lur argitaletxearen sortzailea, ateak zabaldu zizkien idazle berriei, eta bere inguruan bildu zen euskal literaturaren belaunaldi berria; aldizkarietan langile nekaezina, bere artikuluek eztabaida ugari sortu zuten; artisten adiskidea eta haien lanaren mireslea, Jorge Oteizari eskainitako poeman literaturari buruzko iritziak utzi zituen. 

Gizartean eztabaida zabaldu zuen eta urte haietan euskal gizartean eta kulturan gertatzen ziren kontraesanen eredu bihurtu zuen bere bizitza. 

Nazionalismoaren eta sozialismoaren artean kokaturik, Arestiren idazkerak mundu zaharraren eta berriaren artean mugitzen den kontzientziaren sufrikarioaren berri eman zuen. 

Euskal gizartearentzat antolamendu aurrerakoia, zabala, sozialista aldarrikatu zuen Gabriel Arestik. Bere burua “erakarrera” anitzeko pertsona gisa aurkeztu zuen, beti ere joera anitzetan murgildurik. Euskalduntasun monolitikoaren kritikatzaile bihurtu zuen bere literatura-zeregina, baina sufrikarioz eztabaidatu zuen beti. Alderdi ugariak eta konplexuak jarri zituen agerian utopiaren bidean. 

Jon Kortazar

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net