gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 7, larunbata
Aresti
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > GABRIEL ARESTI, GAUR ERE
GABRIEL ARESTIREN POEMAGINTZA 

Itzuli


2.2. Maldan behera, Mirenen eta Joaneren historiaren bukaera, 1958-59 urteetan taxutu zen. 1959an Loramendieren gorazarrez Euskaltzaindiak eratu zuen sariketan lehen saria jaso zuen poesia-sailan. 1960ean Euskera aldizkarian argitaratu zen. 



3.1. Poema zaila da Maldan behera. Eta nire asmoa ez da poema miragarri horren ondasunen giltza ematea. Atarian geldituko naiz, lana bere osotasunean hartzeko zenbait aurreelementu eskainiaz besterik gabe. Aurreazterketa hau bi puntutara mugatuko da: lehenik egitura formalaren ezaugarri nagusiak azpimarkatzen saiatuko naiz, horrekin poemaren zentzu orokorraren ardatzak adierazi nahi nituzke. 

Maldan behera osatzen duten 1904 lerroak 222 ahapalditara biltzen dira, eta hauek 21 poematara. Egituraz lana bi partetan eta epilogo batean bereizirik dago. Lehen partea lehen hamaika poemek osatzen dute; bigarrena hurrengo bederatziek, azken poema obraren epilogo gertatzen delarik. 

Lehen partea hiru egitura diferentetako poemez osatzen da. A izendatuko duguna, 1 eta 11 poemetan erabiltzen da. A egiturako poema hauek lau ahapaldikoak dira, lehena lau lerrokoa eta gainerako hirurak zortzinakoak. Alde metrikoari dagokionez, puntuen eta zesuren nolakotasunak erakusten duenez, zortziko handiaren tradiziorik jatorrenean taxuturiko bertsoen aurrean gaude: 

«Honera etorri baino leen ongi 
ezautu nuen herria 
txiki-denporan eduki nuen 
han ene bizitegia 
Ama maiteak emaro 
niri ematen zidan ditia... » (1. poema, 2. ahapaldia).


B egitura 2, 4, 6, 8 eta 10 poemetan erabiltzen da. Egitura honetako poemak 23 ahapaldikoak dira. Sei lerroko 13 ahapaldiz hasten dira: 

 

Orain hemen nago, eremu latz honetan 
Nire gurariak galdurik, lur hauetan 
arbola adar-gabeen parea naiz orain. 
Landare zekenak baitaduzka eremuak, 
erratzak harean, haitzetan kalamuak, 
nire arima dago mirari baten zain.
(II, l). 

lkusten denez lerro hauek hamairuna silabakoak dira denak, errimak A-A-B-C-C-B direlarik. Baina Mitxelenak adierazten duen bezala (3), erritmo aldetik A eta B errimakoak guztiz bestelakoak dira C errimakoeri buruz. Lehenak, 6/7 erakoak, guztiz arrotzak gertatzen dira gure tradizioan, ete halako ezinegona eragiten dute irakurlearengan. Holako biren ondoan, hirugarrena 7/6 eran dator, hau da, zortziko txiki lasaigarrian (4)
 

Ahapaldi hauei jarraikiz hamaika lerroko hiru ahapaldi, hauetako bakoitzeko bi lehen lerroak azkenetan errepikatzen direlarik: 

Haritz bedeinkatua 
adoratu nuen. 
Nire belaunak 
lurrean jarri
nituen. 
Ordu hartan 
nik eznenkien 
zerk oharrosi 
ninduen. 
Haritz bedeinkatua 
adoratu nuen. 


Azkenik, sei lerroko zazpi ahapaldi: 

Horko bidea gaitza dela, 
ezta kamino zabala. 
Harri zorrotzak daude hortik, minduko zaitzu oin-zola 
Basamortua, 
arantz-ortua, 
laga zazu berehala.
 


Ahapaldi mota honek ere badu kidea euskal literatura zaharrean. Hona A. Basterretxearen Jesu-Christo gure Jaunaren Pasioa euscarazco versoetan (1777) sortaren lehen ahapaldia: 

Jesu-Christori quendu ezquero 
Becatuaquin vicitza, 
Baldin ezpadet negar eguiten 
Arrizcoa det biotza: 
Gucioc lagun 
Canta dezagun 
Bere penazko eriotza.

Funtsezko alde bakarra lehen lerroan datza. Basterretxearena 10 silabakoa da eta Arestirena 9koa. Dena dela bistan da Basterretxearen ahapaldi hau zortziko nagusiaren aldaera bat besterik ez dela. 

B egitura hau obra osoko konplexoena da, eta badiru, formalki bederen, poemok osatzen dutela lehen partearen bizkarrezur eta ardatz nagusia. Poema hauetan ematen da lehen parteko gai deskribitzaile eta narratzaileen osotasuna. Bestalde, poemon izenburuak -Hariztia, Lizardia, Iratze ederra, Lore-mendia, Herria-bitartea -beren artean dauden lotura hertsien ezaugarri formala gertatzen dira. Prozedura hau obrako gainerako egituretan errepikatzen da. 

C egitura 3, 5, 7 eta 9 poemetan erabiltzen da. Sei lerroko zazpi ahapaldiz osaten dira, eta lerrook 8 eta 7 silabako sailetan moldatzen dira: 

Animalia ederra,  
gizon akabatua. 
Lurreko jabe laztana, 
zeruek maitatua. 
Jaungoiko poteretsuak, 
eskuz bedeinkatua. 


Hamabost silabako lerroa da XVI. eta XVII. mendeetako euskal poesia landuan gehien erabiltzen dena. Baina Mitxelenak (5) seinalatu duen bezala, bertso klasikook 4/4/4/3 segitadan banatzeko joera nabaria agertzen dute, eta Arestirengan, aldiz, ez dugu horrelako ezer aurkitzen: eskema bakarra 8/7 da. 

C egiturako poema hauen arteko lotura hertsiaren beste seinale formal bat izenburuetan datza: lau poemok «gogoeta eroak» dituzte gaitzat: sendan, estratan, galtzadan eta kaminoan eginikako gogoeta eroak hain zuzen. Baina poema hauen arteko erlazioa areago doa: Arestik 1959an «Arratsalde urduri baterako» izenburuko poema bat publikatu zuen Olertin. Eta gertatzen da C egiturako poemak, poema horren ahapaldien birrordenaketa sistematiko baten ondorio direla. Horrela «Arratsalde urduri baterako»-ko lehen ahapaldiak C egiturako lehen poemaren lehen ahapaldia osatzen du: bigarrenak, C egiturako bigarren poemako lehen ahapaldia; hirugarrenak, lehen poemaren bigarren ahapaldia; laugarrenak, bigarrenaren bigarrena; bostgarrenak, hirugarrenaren lehena; seigarrenak, laugarrenaren lehena, etab. Argi dago beraz C egiturako lau poemok batera landu zituela egileak. Ildo berean, poemon batasuna, azaltzen duten itxura diskurtsiboagatik, B egiturako multzoari oposatzen zaio. 

Bigarren partean ere estruktura alterno bat aurkitzen dugu, eta bi egituratako poemek hurrenez hurren ematen dira. Baina lehen partean genituen hasiera eta bukaera poemak falta zaizkigu hemen. Hortaz, bigarren parte honek ez du lehenengoaren borobiltasuna, ez du lehenak ematen duen osotasun sentsazioa ematen. 

D izendatuko dugun egituraz 12, 14, 16, 18 eta 20 poemak tankeratzen dira. Hamairu lerroko hiru ahapaldik osatzen dute egitura hau. E egitura 13, 15, 17 eta 19 poemena da. Hamaika ahapaldi ditu bakoitzak, hamabostna lerrokoak, eta lerrook bederatzi puntoko bertso batez eta zortziko nagusizko beste seiz osatzen dira. Azpimarkatu behar da D eta E egituren artean ez dela gertatzen B eta Cren artean aipatu dugun narratibo/diskurtsibo alternantzia. 

Epilogoari dagokionez, poema soil batek osatzen du, sei lerroko hamabi ahapalditan ematen dena. 

3.2. Pasa gaitezen zentzuaren arazora. Lehenik, aipuen kontua dugu. Arestik argudiotzat hartzen ditu eta hori ez da kasualitatea. Ez dira aipuak falta Arestiren poemagintzaren lehen etapan, funtzio exhibizionista argi batekin. Hemen ere funtzio hori ez da zeharo desagertu -lau aipu lau hizkuntzatan-, baina nire ustez bada zerbait gehiago, batez ere bi lehenetan. 

Lehen argudioa Nietzscheren Hola mintzo zen Zaratustra-tik aterea da. Bigarrena Ebanjeliotik. Behin baino gehiagotan azpimarkatu da Arestiren poemagintzan, sinboloen eta are hizkeraren mailan, Bibliak duen eragina. Maldan beheran eragin hori ezin nabariagoa da. Obraren giltzarri gertatzen dela esango genuke. Baina Nietzscheren obrako sinboloak ere erruz erabiliak dira. 

Alde honetatik poemak irakurketa erraza du: Maldan beheran, Arestik, supergizonaren mitoa, menditik jeitsi eta mezu berria predikatu ondoren gizonek juzgatu eta gurutzean hiltzen duten supergizonaren mitoa, birkreatzen digu. Autorea noraino identifikatzen den poemaren protagonistarekin, aztertu beharko litzatekeen puntua da. 

Poemaren zentzua osatzeko beste linea bati ere jarraitu behar diogu. Har ditzagun B egiturako poemen izenburuak: Hariztia, Lizardia, Iratze ederra. Lore-mendia, Herri bitartea. Ez da oso irudimen bizia behar euskal poeta nagusi zenbaiten oihartzuna aditzeko: Aresti bera. Lizardi, Iratzeder, Loramendi eta Aresti bera berriro, Aresti hiritartua, inoiz Herribitarte izengoitia erabili zuena. Beste aldetik C egiturako poemen izenburuak ditugu: senda, estrata, galtzada, kaminoa.  Hau da: bide gero eta zabalagotan zehar  heltzen gara eremu latzetik hasi, eta gero eta paraje zibilizatuagoetara. Beraz supergizona zibilizaziorantz doa, eta berarekin, oihartzun bezala, baita euskal poemagintza bera ere. Baina horrekin batera supergizona, euskal poeta, hondamendira doa gurutzean hila gertatu arte. 

Argibide gehiago nahi duenak aski du poema ikuspuntu hauetatik irakurtzea. Beharbada lagungarri gertatuko zaio Arestiren poesia-lan osoei egin nien hitzaurrea. Baina argi dago lehen esan dudan bezala, ez dela hori guztia Maldan behera euskal literatura osoko obra gorenetako bat egiten duena. Hori guztia gorabehera da Maldan behera poema miragarri bat. Horrekin guztiarekin obraren literatura-balioen atarian gelditzen gara. 

Ikusten denez, poemaren zentzuari buruzko ohar hauek haren lehen parteari dagozkio. Bigarrenak ez du nire ustez horrenbesteko interesik, eranskin antzeko zerbait ematen du, azterketa formalean bertan susmatu dugunez. Baina hori nire iritzia besterik ez da. 

Badira beste mila puntu ohargarri Maldan Behera honetan. Bat soilik aipatu nahi nuke, labur beharrez: hizkuntzarena. Alde honetatik ere obra hau aurreko joeren sintesi gertatzen da, lehen etapako lapurtar klasikoaren eta bigarreneko bizkaiera populistaren sintesia, hain zuzen. Ezaguna da sintesi honek euskara batuaren aurrerabidean izan duen garrantzia. Eta esan dezagun ere ortografiaren aldetik Euskaltzaindiak ia hamar urte geroago proposatuko zuen eredua hemen dagoela jadanik osorik, puntu hutsalen bat gorabehera. 




3.3. Jendaurreko arrakastari dagokionez Maldan Behera sekulako frakasoa izan zen Arestirentzat. Kontua ez da poema ez zela ulertua izan eta bere literatura-balioak ez zirela ezagutuak izan: irakurria ere, ez zen irakurria izan. Egin ez balitz bezala gertatu zen dena. 

Hori egundoko kolpea gertatu zen Gabrielentzat. Bi urtez landu zuen poema, onegia atera zitzaion. Literatura-mezuaren beste buruak -irakurleriak- egin zuen huts. Orduan, etsita, egin zezakeen gauza bakarra egiten saiatu zen: bere mezua mezu horren hartzaileari egokitzen.

Intuitzen du Gabrielek irakurleria berri bat ari dela sortzen gure artean, literatura-formazio guztiz urria baina politizazio maila altua duena, eta abertzaletasun ofizialak eskaintzen dizkion pauta politiko-kulturaletan bere burua ezagutzen ez duena. Irakurleria hori da Arestiren mezu berria, lehenik eta egokienik Harri eta Herrin gauzatzen dena, bete betean onartuko duena. 

Arestiren Maldan beheraz ondoko produkzioak berrikuste bat eskatzen du. Baina berrikuste hori ezin da egin literatura-kritikaren ikuspuntutik soilik. Ezer ere ez ulertzeko arriskua handiegia izango bailitzateke. 






(3) L. Michelena «Miscelánea filológica vasca ll», in FLV 30, 1978, 409h o. 
(4) Dena dela bertso mota hau da hemen lehendabiziko aldiz agertzen. Ik. Mitxelenak berak ikusarazi zidanez, 
Bonaparte printzearen ondoko bertsoa, Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco, Literatura 1, 362 orrialdean 
irakur daitekeena: Neré anái lagún, maité zaituztedánok, Teséoren fedéz lotú zatzaizkidánok! Obidiyok Tristéen librruban ziyoná, Oráin 
zurí diyotsut, euskalerrí oná

(5) L. Mitxelena, op. cit. 411 h o.

Gora

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Departamento de Cultura, Juventud y Deporte - Diputación Foral de Gipuzkoa
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net