1. 1. Euskal literatura, hitzaren zentzu hertsian, 1880 inguruan hasten dela esan daiteke. Aurretik literatura-lan gutxi dugu, bakankako lanak soilik. Poesiaren arloan, adibidez, 1657tik -Oihenarten poemak agertu ziren urtea- 1853a arte -Hiribarrenen Eskaldunac-ena- ez da poesia-libururik argitaratzen gure artean. Bertsozko liburuak bai, Iturriagaren alegiak adibidez, baina poesia-libururik ez.
1880 inguruan gauzak aldatu egiten dira. Lore Jokoekin hain zuzen. Lore Jokoak 1853an hasten dira Urruñan. Baina 1879an mugaz honaindian egiten dira lehen aldiz, Elizondon. Eskualde guztietako poetak -edo bertsogileak, beharbada- agertzen dira bertara, eta irabazten duen poema, Felipe Arrese Beitia Otxandioko santuginaren «Ama euskeraren azken agurrak», inportantea da, gaiaren aldetik aldaketa nabaria dakarrelako Lore Jokoetako poemagitzara. Arrese Beitiaren poema horrekin, ordurako euskaldungoan nabarmen zen ezinegonak euskal literaturgintza hartzen du bete-betean.
Harrezkero Lore Jokoak eta antzekoak ugarituz doaz. Donostian ere 1879an hasten dira, eta ondoren hainbat hiri eta herritan. Poema sarituak argitaratu egiten dira gainera, orduantxe plazaratzen den Euskal-Erria aldizkarian, adibidez, eta baita liburuxka berezietan ere. Horrela, euskal poemagintzaz mintzatzen has gaitezke.
Bi puntu azpimarkatu behar dira Lore Jokoez.
Lehenik, euskal Lore Jokoek ez dute zer-ikusi handirik Kataluniako «Jocs florals» direlakoekin. Hauek literatura-festak ziren, hau da, literaturgintza -eta barez ere poemagintza- zuten ardatz-tzat. Gureak, berriz, jai folklorikoak ziren, Hori frogatzeko nahikoa da sariak eta sarien nolakotasuna aztertzea. Alde batetik, literatura-sariak pilota partidekin, ganadu txapelketa eta abarrekin nahasirik gertatzen ziren, eta gainera jaiaren literatura-aldeak ez zeraman parterik onena: 1869ko sariketan banatu ziren 830 liberetatik soilik 80 izan ziren bertsogileentzat eta beste horrenbeste bertsolarientzat. Pilotarientzako lehen saria, berriz, 400 liberakoa izan zen, eta bigarrena 80koa. Gainerako dirua ganadu txapelketarako izan zen. Halaber Markinan 1883an: poesiarik hoberenarentzat 320 erreal; xistera-partida irabazlearentzat 1600 erreal eta bigarrenarentzat 320; andre irrintzilari hoberenarentzat 320, etab.
Hau guztia gainera ontzat ematen zen, eta gaur egun ere ez da falta planteamolde horren alde agertzen denik. Ondoko hitzok Bernardo Estornes Lasarenak dira:
Entre ambas instituciones, catalanas y vascas, hay de por medio diferencias notables que ya en 1897 las destacaba don Carmelo de Echegaray. D'Abbadie miraba simultáneamente por la fortaleza física y moral de pueblo vasco. Sus fiestas Euskaras fueron, desde un comienzo, completas, verdaderas fiestas. La poesía euskérika y la lengua misma debían de florecer simultáneamente en los juegos y deportes viriles, con las bellas canciones tradicionales, los usos y costumbres sancionados por los siglos, y las notas pintorescas del folklore... Además, pues, de certámenes literarios, las Fiestas Euskaras eran algo íntegro dirigido en todo su frente a la supervivencia y desarrollo de la civilización étnica de los vascos(1).Nolakoa da Lore Jokoetako poemagintza formaren aldetik? Ez dut uste inor harrituko denik bertsolarien ingurukoa dela esaten badut. Garai honetan ez da oraindik bertsolarien eta poeten arteko muga argi ikusten. Lore Jokoetako bertsogileen neurri sistema, adibidez, bertsolariena da funtsean. Orobat, oro har, erabiltzen dituzten gaiak eta are gaiok tratatzeko era. Gainera, formaren aldetik ez dute bertsolariei nabari zaien trebetasuna. Ados nator Intza'ar Damasorekin Jautarkolen Biozkadak poema-liburuari egin zion hitzaurrean hau dioenean:
1.2. Euskal poemagintza ez da 1930 ingurua arte funtsean aldatzen. Garai hortan, «Euskaltzaleak» taldearen eraginpean eta Aitzolen gidaritzapean, poeta-talde bat bide berriak urratzen hasten da: olerkarien taldea da. Olerkariek literaturaren ardura dute, literatura jasoagoa egin nahi dute, eta, bestalde, talde bat osatzen dute, hitzaren zentzu literarioan: elkarren berri dakite, adibidez, eta elkarri laguntzen diote literaturgintzan. Hori, besteak beste, Zaitegik Lauaxetaren poesia-lanak biltzen dituen liburuari egin zion hitzaurrean ikus daiteke.
Literaturaren alorrean eraberritzeak formaren mailan hasten dira berez. Ikusi dugu alde honetatik Lore Jokoetako idazleek bertsolaritzaren ildoari jarraitzen diotela. Olerkariak, berriz, neurtze sistema berri bat erabiltzen dute, erregela hauen arabera:
a) Hitz baten azken letra bokala bada eta hurrengo hitza bokal berberaz hasten bada, silaba bakar bat osatzen dute. Halaber hitz baten barnean gertatzen badira bi bokale berdinok. Adibidez:
«-E/ne,/ba!, az/pi/a-/ mu/ti/llak di/o-» (Lizardi, «Zeru-azpia», 3,1).
«be/gi/ral/di lu/zee/gi» (Lizardi, «Paris'ko txolarrea», 3,4).
b) a-i, a-u, e-i, e-u, o-i, u-i segidak gertatzen direnean, nahiz hitz barnean nahiz bi hitzen artean, sílaba bakarra osatzen dute. Bi bokal desberdinezko gainerako segida guztiek bi sílaba osatzen dituzte. Adibidez:
«be/gi/a i/txi/rik/ zeu/kan/ aur/txo/ak (Lizardi, «Zer-azpia», 8,3).
c) b)-n aipatu diren segidek betetzen dute a) legea. Hau da, a-ai, ai-i, e-eu eta kideko segidek sílaba bakarra osatzen dute. Abididez:
«Nik/ i/re/ak/ nai/a/go, oi/a/ne/ko I/tzal» (Lizardi, «Urte-giroak ene begietan», III Baso Itzal, 14, 5).
Nondik atera zuten neurtze sistema hori olerkariak? Lehenik zera esan behar da, sistema asmatua dela alegia, ez baitu zer ikusirik euskal neurtze sistema jatorrekin. Gauza jakina da gure neurtitzetako eiteaz gauza handirik ez dakigula, baina bai, dena dela, hori baieztatzeko adina.
Arana'tar Sabinen Lecciones de ortografia del euskera bizkaino (Bilbao, 1898) liburua hartzen badugu, eraskin bat aurki dezakegu bertan “La fonética en el metro del verso” deritzana. Eraskin hori artikulu bezala bigarragertu zen Euzkerea aldizkarian, 1929ko abenduko zenbakian hain zuzen. Bertan, euskal metrikaren lege jatortzat olerkariek erabiltzen zituzten horiek ematen ziren. Olerkariek Aranagandik hartu zituztela suposatzea tentagarria gertatzen da. Dena dela gauzak ez dirudite hain sinpleak(2).
Bada beste puntu bat azpimarkagarria olerkarien eraberritze formalean: -a mugatzailearen ezabaketa. Ezabaketa hau honela defini dezakegu:
d) Errima-beharkizunek hartaraturik, zilegi da hitz bati -a atzizki mugatzailea kentzea. Adibidez:
Zilegitasun hau lehenik Orixek erabiltzen du olerkarien artean, eta ondoren olerkari guztiak, are gerra ondoan ere.
Nola hasi zen Orixe zilegitasun hori erabiltzen? P. Lafitte jaunak esan zidanez, Hiribarrengandik hartu zuen. Eta izan ere, horren ondoren egiaztatu nuenez, erruz erabiltzen du ezabaketa hori Hiribarrenek bere Eskaldunac-ean.
Batek baino gehiagok pentsa dezake zertara datozen berrikeria hauek. Niretzat betebehar aski ageria dute: idazkera bat eraikitzea, neoformalistek esango luketen bezala; eta hori da, hain zuzen, niretzat behintzat, literaturgintza ororen lehen betebeharra. Bestalde, artifizialkeriaren eta jatortasun faltaren salaketak ez du funts handirik: zer jatortasun zuen endekasilaboak, Errenazimendu aldean Italian asmatu zenean? Izan ere, forma-asmatze ahaltasun hori kentzen badiogu, zer geratzen zaio kreatzaileari? Gainera, eraberritze horiek ez dira hain debaldezkoak izaten, ontzat ematen ez den giro bati ematen zaion erantzuna izaten dira gehienetan. Abididez, -a mugatzailearen ezabaketa oso ongi ulertzen da garaiko giroan: ez ziren gutxi (J. Urkixo bera zen horietako bat), euskaraz, hitz bukaeran ia beti a agertzen zela eta, poesiaren alorrean formaren aldetik funtsezko ezer gutxi egin zitekeela pentsatzen zutenak
1.3. Gero gerra dator, eta ondoren ondorengoak, hemen alde batera utziko ditugunak. Poemagintzan, 40-50 hamarkadan, halabeharrez, ez dugu gauza handirik. Gero, berehala, bi linea, bi joera aski diferente aurkitzen ditugu. Bata, ofiziala deituko duguna, gerra aurreko moldeak imitatzen ahalegintzen da, funtsezko aldaketarik ekarri gabe. Bestea, heterodoxoa, bide guztiz berrietan zehar abiatzen da. Bigarren honek digu axola guri orain, Gabriel Aresti bigarren joera horren gailur bihurtuko baita denborarekin.
Bigarren joera hau Krutwigek urratzen du. Bi aldaketa nagusi dakartza euskal poemagintza eta are literaturgintza osora. Bata hizkuntzari dagokiona, Leizarragaren lapurtar preklasikoan oinarritzen den euskara batean ari baita. Bestea erlijio heterodoxia, agnostizismoan finkatzen dena. Nahikoa da bi alderdiok adierazteko estrofa hau:
Miranderen poemagintza 1950ean hasten da, eta jadanik «Zergatik» (1951) eta «Neskutsak» (1951) poemetan euskal literaturan ohizko ez zen tematika bat erabiltzen badu ere, hizkuntzaren aldetik garbizaletasunaren orbitan aurkitzen da. Baina 1952 urtean, Krutwigen ideiak harrera hoberena duten mementoan, lapurtar klasikoa hartzen du poesia-hizkeratzat. Oinarri horren gainean eraikitzen duen hizkuntza poetikoak ez ditu garbizaletasunaren zenbait alde zapuzten, eta lehen sintesi horrek hezurmamitzen du euskal literatura osoko ibilbide poetiko izugarrienetako bat. Bestalde, Miranderen forma guztiz landuaren eragina neurgaitza gertatuko da Arestirengan. Baina kontu horretaz bigarren partean mintzatuko gara.
2. 1. Arestiren lehen poemetan zerbait nabari bada, Miranderen eragina nabari da. Alde batetik hizkuntzan, lapurtar klasikoa, eta bestetik gaiaren erabilkeran, formalismo aski hermetiko baten bidez, 1955ean argitaratutako soneto honetan adibidez:
Hara hiru maitaleak: itsasoa,
legorra, zerua: Triangul iokaitza
Sinhets eztezakete paradisoa.
Hauen elkar-nahia egiaz garratza.
Hibai-egoatxak bizitan haserre
direnean, heren elkartuagaitik
(gorenetan duenik arbuiaturik)
Itsasoak lur-nahia drauku bete,
negu-erdian, enbat-mendabaletan,
ilhargiaz ahantzi garen gauetan. (Maite-gurpila» I, Itsasoa).
1958an transizio poema bat publikatzen du Eganen, XXXI izenburuaz. Bertan alde batetik hizkuntzaren bizkaieratze bat gertatzen hasten da, eta bestetik, poema, oro har aski abstraktoa bada ere, zenbait oihartzun detekta daitezke bere jardukian doinu aldaketa bat adierazten dutenak:
Bilakaera honen burua Bizkaitarra poema da. Bizkaitarra ere Eganen publikatu zen 1959 eta 1960 urteetan. Aldakuntzak aski nabariak dira. Hizkuntzaren mailan euskara klasiko eta guztiz kulto batetik aho bizkaierarik herrikoienera pasatzen gara. Bestalde, bertsolarien eragina bete-betean agertzen zaigu zortziko handi, txiki eta bederatzi puntuko bertso sorta honetan. Harrezkero bertsolaritza Arestiren poemagintzaren osagai garrantzitsuenetako bat gertatuko da. Behinolako hermetismoaren azken aztarnak ere galdu dira:
(1) Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Literatura 1, 5 19. o.
(2) Honi buruz zenbait gauza aipatuak ditut «Lizardiren poemagintzaren alde formalen estudio batetarako» artikuluan, Homenaje a Julio Caro Baroja, Madrid 1978, liburuan.